XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) ehun koipetsuak merkurioa daukala!

Ba al dakin non dauden Pribilof uharteak?

- Ez! -esan nuen sumindurik.

Zer duk hau?

Lehiaketa bat?

Aitak bazekien Pribilof uharteak oso iparraldera aurkitzen direla, Bering zintzurrean, Alaskatik hurbil dagoen tokiren batean.

Nolanahi ere, zibilizaziotik urrun.

Ezta oso erraza han inork pestizidarik erabiltzea.

Eta orezten aurkako krema oraindik gutxiago.

Nola iritsi zen orduan merkurioa pribilofiarren ehun koipetsura?

Willi azkarrak argitu zigun:

- Han arrantza eta foka-ehizatik bizi dira.

Foka-gibela oso mokadu goxoa da.

Eta gibelean metatzen dira gai toxikoak, hori seguraski Tillik ere badaki.

- Horixe dakidala! -gezurra esan nuen.

Baina nola iritsi zen merkurioa foken gibeletaraino?

Willi azkarrak bazekien hori ere.

- Fokak legazkumez eta izokinez elikatzen dira.

Legazkumeak eta izokinak arrain txikiagoz elikatzen dira.

Arrain txikiagoak Ozeano Barean igerika dabilen planktonaz elikatzen dira.

Eta merkurioa Ozeano Barera iristen da iparramerikar kostaldeko merkurio-meatze eta zelulosa industrietako hondar-urekin.

- Ah! esan nuen argiturik.

Elika-zikloa.

- Bai, eta auzi honen makurrena -jarraitu zuen Willik- zera da, jaki batetik bestera gero eta merkurio gehiago metatzen dela.

Merkurioa denik eta gairik kaltegarrienetako bat da.

Nerbio-sistema pozoitzen, paralizatzen du...

- Willi, nola dakik guzti hori?

Nagusitasun-irribarre batez begiratu zidan, ez erdi-irakasle batek bezala baizik eta Nobel saridun baten antzera.

- Tira, jakin dakit.

Baina Pribilof uharteak alde batera utzi eta goazen edateko urera...

Piskanaka Willi gogaikarri jartzen ari zen.

Gurasoak erne-erne zeuden semeak esaten zuenera.

Aita, eszeptiko eta jostari, ama bere harrotasuna ezkutatuz.

- Berrehun milioi pertsona baino gehiago dira edateko ur garbirik ez dutenak.

Hori estatistikoki egiaztaturik dago.

Ospitale-ohe ugaritan dauden pazienteek ur kutsatua edatetik sortutako gaitzak dituzte.